
Azaroaren 10a zen berria jaso genuenean:
“EiTBren Kontrol Batzordeak begi onez ikusi du, komunikabide honek Juan Carlos I.a Espainiako Erregearen Gabonetako mezua ematea. EiTBren Kontrol Batzordeko presidente andere den Mertxe Agúndez legebiltzarkide sozialistaren kalitateko botoa dela eta irten da aurrera sozialistek aurkeztutako ekimen hau. Izan ere, zuzenketak aldeko eta aurkako boto kopuru berdina (9) izan du, PSE-EEren sei legebiltzarkideek eta PPren hirurek babestu dutelarik, eta EAJren zazpi legebiltzarkideek eta EBren eta Aralarren bakoitzak aurka bozkatu dutelarik”.
Honen aurrean, abenduaren 24ko goizeko 7etatik abenduaren 25eko eguerdiko 12etara, EiTBri (ETB1, ETB2, ETB3, Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Radio Vitoria, Gaztea eta taldearen webguneak) boikot egitera gonbidatu behar dugu ahalik eta jende gehien, komunikabidearen kudeaketa protestatzeko, eta oso bereziki, ETB2n abenduaren 24an Erregearen hitzaldia emango dutela protestatzeko. Publizitatean diru ugari biltzen den eguna izanik eta audientzia jaitsiz gero – jaisten ari dena baino askoz ere gehiago – diru asko gal dezaketela kontuan harturik, boikotaren garrantzia azpimarratzen da.
Ares eta Quiroga Hispanitate eguneko desfilera joan ondoren, Espainiako Vuelta eta Espainiako selekzioak Euskadira ekarriko dituztela iragarri ondoren, gure etxeetan Borboiaren hitzaldia sartzea, Lopezen gobernuaren “normalizazio politikorako” neurrien hasiera baino ez da. Gure nortasuna desnaturalizatu eta nazionalismo espainiarraren mendeku grina gogobete nahi dute. Alberto Surio honezkero ohartu ote da non sartu den?
Nik argi daukat: EiTBri boikot egingo diot!